
Ohikoen diren gaixotasunak, hauek dira:
Aknea
Arazo sarrienetako bat aknea dugu. Hormona-aldaketekin lotzen da eta nerabezaroan dugu oso ezagun, baina bizitzaren beste aro batzuetan ere ager daiteke. Aknea sebo-guruinek gantz gehiegi jariatzean agertzen da. Horrela, ile-folikuluetan tapoiak sortzen dira, eta horren ondorioz garauak eta zaldarrak agertzen dira.
Akne kontuan larritasun ezberdineko kasuak azaltzen badira ere, erronkarik handiena garauak ez gaizkoatzea da. Horretarako lehendabiziko araua higiene arduratsua da, sarria baina ez gehiegizkoa, eta produktu bereziak erabiltzea ere bai.
Ilea aurpegitik aldenduta mantendu beharko da, larruazala ez zikintzeko, eta garauak ez dira ukitu behar izango. Normalean aknea kentzeko orduan eguzkia onuragarria izan ohi da, baina zenbaitetan errebote-efektua ere gerta daiteke. Elikadurak aknea kalte dezake; beraz, hobe da elikadura orekatu eta anitza izatea, elikagai batzuk erabat debekatu behar izan barik.
Urtikariak, alergiak eta ekzemak
Urtikariak agertzea ere oso maizko arazoa da. Larruazaleko gorriuneak, azkurak eta hanturak, horiek dira gaixotasun honen ezaugarriak. Sarri askotan kanpoaldeko faktoreekin loturik joaten dira, hala beroarekin nola hotzarekin. Zenbait elikagai edo botika jan izanagatik ere azal daitezke, edota arazo psikologiko batzuen sintoma izan daitezke. Emakume gazteek arazo hau sarriago jasaten dute. Ikaragarri bizkor agertzen den arren, ordu gutxiren buruan desagertu egiten da. Prebenitzeko neurririk onena faktore eragilea albo batera uztea da, ezaguna baldin bada. Kasu batzuetan antihistaminikoak erabiltzea gomendatzen dute.
Ekzemak, beste aldetik, alergiekin loturik joan ohi dira. Estresa arazoa hasteko faktore garrantzitsu bat da. Gaixotasun honetan azkura eta ezkatatzea jasaten dira.
Arazo larriagoak sortzen dituztenak:
Psoriasi mota batzuk jasateko orduan estresak ere zerikusi handia dauka. 1000 lagunen artean 8 dira gaixotasun hau sufritzen dutenak. Psoriasia zera da, larrua bizkorregi berritzen dela, eta horregatik hildako zelulak ezin dira apurka-apurka erori. Horren ondorioz, gaixotasunaren ezkatatze tipikoa agertzen da. Estresaz gain, argia, hotza, zenbait infekzio eta alkohol gehiegi edatea gaixotasuna areagotzeko faktoreak dira. Kirola egiteak, erlaxatzeko teknikak ezagutzeak, olo-bainuak hartzeak eta eguzkitara neurrian jartzeak gaixotasuna arintzen laguntzen dute, botikekin batera.
Dieta funtsezko elementua da azala gaitzetatik libre geratzeko. Elikadurak C bitamina asko izan behar du, fruituetan eta barazkietan izaten dena; E bitaminan ere oparoa izan behar du. Gogora dezagun E bitamina hazietan, landare-olioetan eta fruitu lehorretan izaten dela; Azkenik A probitamina edo betakarotenoak aipatu behar ditugu, eta fruitu horietan eta laranjatuetan topa ditzakegu.
Beste gaixotasun batzuk:
Herpes sinplea: ezpainetan edo ahoan sortzen den infekzioa.
Kandidiasisa: aluko infekzioa
Hiperhidrosia: gehiegi izerdi egiten duzunean, berorik egin gabe.
Kloasma: larruazalean martxak agertzen direnean.
Larruazaleko onddoak
Erredura: egun berotsu batean eguzkiaren aurrean denbora luzean azaltzeagatik sortzen da
Dermatitis Atopikoa. Larruazaleko hantura
Melanoma: Larruazaleko minbizia
Eskabiosia edota hazteria (sarna): parasito batek eragindako hazkura.
Fotosentsibilitatea: larruazala argira sentibera denean.
Ilearen galera edota alopezia
Haurren exantema: saranpioia, barizela, errubeola …
Keloidea: gehiegi hazi den ebakiondoa.
Errosazeoa: aurpegiko atal batzuen hantura.

No hay comentarios:
Publicar un comentario